XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) nola estreinatu zen, Fraga Iribarne kabroi zerri bezain inmortalaren gestio eraginkorrei esker seguru asko, orduan ere España Imperialekoeko Ministro de Información y Turismo -edo horrelako zerbait bai baitzen, nola estreinatu zen, alegia, Badiaren, Gazteluaren, Moilaren, Igeldoren, Palazio Realaren eta marco incomparable osoaren iluminazio-sistema berria: ohooo, berriro ere.

Eta Portugaletik izugarrizko fragata edo belauntzi eder bat etorri zela ere gogoan dut: buque escuela omen zen, eta han bai emango genukeela eskola gustora asko, eta ez praileen baberoen esanetara, horietxek gu mutil kozkorron komentarioak.

Eta, Donostiako bulebarrean barrena, XIX. mendearen hasieran bezalaxe uniformaturik, Wellington Dukearen tropa-andana ingeles batek nola desfilatu zuen, horretaz ere oroitzen naiz: begira, begira, ze politta, esango genuen seguru asko, edo mira, mira qué bonito, mejor dicho: uniforme gorri kapelu gandordunak, estandarte multikoloreak lau haizetara, eta jarraian, Highland-etako eskoziarrak, beren kilt dotoreekin, beren leopardo edo tigre larruekin, beren gaita puztuekin, ohooo.

Ezetz, ez daukagula erremediorik.

Edo munduko herririk inozoena gara, egiten dizkiguten izugarrikeriak tonto-tonto berehalaxe ahazten ditugulako, edota listoenak bestela, sufrimendua festa modura sublimatzen inon denik abilenak garelako: bestetan ez bezela, hemen gazteriya, beti, amaren sabeletik dator ikasiya, trulalai etabar.

Baliteke azkeneko hau ere, zergatik ez.

Okupazio militarrari egindako burla herritarra festaburu-danborrada bihurtu duen Donostiya, izan ere, kaxkarina izango baita beharbada, baina Irún eta Honddarbi baino sinpatikoagoa ere bai behinik behin, kontutan harturik Gipuzkoa ekialdeko beste bi hiri horietan beren Alardea zeinen anti-sindiasmikoki serio hartzen duten, eta AR-arazten (sic: h iniziala ez dut deskuidoz ezabatu).